Euskal ordezkaritzak —BASQUENERGY Clusterreko kide diren Carlo Gavazzi, EVsare, Ingeteam, PcVue Solutions eta Veltium Smart Chargers enpresek osatua, eta BASQUENERGY Clusterrek eta BasqueTrade & Investmentek koordinatua— harreman berriak ezarri ditu sektoreko ordezkariekin, eta bertatik bertara ezagutu ditu egungo egoera eta mugikortasun jasangarriaren inguruko azken garapen teknologikoak.
Power2Drive Europe azoka eta biltzarra The smarter E Europe ekitaldiaren esparruan egiten da; 2018an egin zen lehen edizioa eta, harrezkero, urtero egin da, mugikortasun elektrikoari eta karga-azpiegiturari eskainitako nazioarteko erreferentziazko ekitaldietako bat bihurtu arte. BASQUENERGY Clusterrek eta BasqueTrade & Investmentek enpresa-misio bateratu bat koordinatu dute Power2Drive Europe azokarako —ekainaren 23tik 25era bitartean Munichen (Alemania) egin dena—, mugikortasun elektrikoaren sektoreko BASQUENERGY Clusterreko 5 kide hauekin: Carlo Gavazzi, EVsare, Ingeteam, PcVue Solutions eta Veltium Smart Chargers.
Edizio honetan 100.000 bisitari baino gehiago izan dira, aurreko edizioetako asistentzia-datuekin bat etorriz. Alemania, herrialde anfitrioia den aldetik, elektromugikortasunaren merkatu bultzatzaile gisa eta Europako erreferente teknologiko eta arautzaile gisa nabarmendu da berriro ere. 2026ko datuek Ibilgailu Elektrikoaren (IE) hazkunde oso esanguratsua erakusten dute herrialdean: 1,8 milioi IE baino gehiago daude, 223.000 matrikulazio berri baino gehiago egin dira 2026ko urtarrila eta apirila bitartean, eta urte arteko hazkundea % 40tik gorakoa izan da, automobilgintza, energia-enpresak, startup teknologikoak eta I+G+b-ko eragileak biltzen dituen ekosistema bati esker.
Ordezkaritzak bertatik bertara egiaztatu du sektorearen garapena, non energia kudeatzeko ‘Smart charging’ soluzioek eta sistema elektrikoarekiko integrazioak protagonismo berria hartu duten, batez ere karga norabide bikoitzaren bidez (Vehicle-to-Grid); azken hori eremu esperimentaletik atera eta ingurune errealetara hurbiltzen ari da. 2026ko edizioak karga-azpiegituraren potentzia-igoera islatu du, likido bidezko hozte-sistemen bidez 480 kW-etik hurbil dauden potentziak lortzen dituzten ekipoekin. Paraleloki, bultzada handia ikusi da garraio astunaren eta flota profesionalen elektrifikazioan, baita karga-ekosistemaren digitalizazio gero eta handiagoan ere, ordainketa zuzeneko sistemekin, konektibitate aurreratuarekin, erabiltzaile-interfaze aberastuekin eta “plug and charge” elkarreragingarritasunarekin.
Egonaldian, euskal enpresek standak bisitatzeko eta Europan mugikortasun elektrikoaren garapena bultzatzen duten soluzioen fabrikatzaile eta garatzaileekin bilerak egiteko aukera izan dute, hala nola Hubject, AVS Römer, SUYIN, Schaltbau, EVTEC, The Mobility House Energy, batch2 engineering, WATTKRAFT, Elli (Volkswagen Taldea) eta ADS-TEC Energy enpresekin. Topaketa horiek nazioarteko lankidetza sendotzeko eta Europako teknologia aitzindariari buruzko informazioa zuzenean jasotzeko aukera eman dute, sektoreko erreferentziazko ekitaldi batean.


